Lurraldeen aurkezpena
Gipuzkoaren aurkezpena
Erakundea:
Gipuzkoa euskal lurralde historikoa da, eta Behe Erdi Aroko lehen urteetan izan zuen jatorria. Haren erakundeak XIV. mendekoak dira, Gipuzkoako hiribilduek lehen ermandadea osatzeko aliantzak finkatu zituztenean. Batasun horrek denboran iraun zuen, eta hortik sortu ziren Batzar Nagusiak (botere legegilea) eta Aldundia (botere exekutiboa), gaur egun Gipuzkoan indarrean dauden administrazioak.
Gipuzkoak, Arabarekin eta Bizkaiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen du. Hiru probintzietako bakoitzak lurralde historikoaren estatusa du eta, horri esker, Konstituzioak aitortzen duenez, bere erakundeek probintzia erkide baten ohiko eskumenak ez ezik, eskumen propioak ere baliatzen dituzte hainbat eremu garrantzitsutan, hala nola fiskalitatean, gizarte politiketan edo bide azpiegituretan.
Aldundiaren ekintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisita ezazu www.gipuzkoa.eus
Lurraldea:
Gipuzkoa lurralde txikia da, historia eta nortasun propioa dituena. Kantauri itsasoaren eta Pirinioen arteko gune pribilegiatu batean kokatua, bertako biztanleek, mila urte baino gehiagoko historiarekin, jakin izan dute tradizioa abangoardiarekin uztartzen, hizkuntza propioa mantenduz eta Gipuzkoa egoera ekonomiko eta sozial pribilegiatuan kokatuz.
Gipuzkoa txikia da tamainari eta biztanleriari dagokienez, baina aberastasuna sortzeko eta banatzeko duen gaitasunean nabarmentzen da. 720.000 biztanle baino gehixeagorekin, lurralde horretako eskualdeek industria-enpresa txiki eta handiak dituzte, eta kalitatezko enplegua eskaintzen diete biztanleei. Berrikuntza eta nazioartekotzea Gipuzkoako enpresaren funtsezko bi ezaugarri dira, eta mundu osoan ezaguna da bere lehiakortasunagatik eta bikaintasunagatik.
Era berean, langileen parte-hartzea da Gipuzkoako ekonomiaren beste ezaugarrietako bat. Adibide gisa, Gipuzkoan 800 kooperatiba baino gehiago daude, eta munduko talde kooperatibo industrial handienaren egoitza dago bertan.
Muskulu ekonomiko horri esker, aberastasuna berrinbertitu daiteke esparru berezi hauetan: gizarte kohesioa, pertsonen babesa eta herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematea. Gizarte babeseko sistema horrek bat egiten du gizarte zibil aktibo eta kontzientziatu batekin, non 40.000 pertsonak baino gehiagok boluntario lanak egiten dituzten. Horrenbestez, Gipuzkoa da gizarte eta ekonomia arloko desberdintasun maila txikienak dituen Europako lurraldeetako bat.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoa lurralde kohesionatua da eta munduari irekia dago: mundu osoan ezaguna da bere gastronomiagatik eta nazioarte mailako kultura ekitaldiak antolatzeko duen gaitasunagatik, bai eta bere inguru naturalen edertasunagatik ere, urtetik urtera gero eta bisitari gehiago erakartzen dituztenak. Azkenik, jendearen berezitasuna ere erakargarri nabarmena da.
Pirinio Atlantikoen aurkezpena
Kolektibitatea: Pirinio Atlantikoetako Departamendua Frantziako tokiko administrazio publikoa da. Frantzian, probintzia espainiar baten baliokidea da. Bere gizarte-politika berritzaileei eta inbertsioei esker, Departamendua da giza eta lurralde-elkartasunaren arloan eskumena duen eragile nagusia. Tokiko administrazio hurbil, garrantzitsu eta operatiboa da. Departamenduak hiru esparru nagusitan gauzatzen ditu bere eskumenak:
- elkartasuna, gizarte-politikak eta osasuna
- hezkuntza, kultura eta kirola
- lurralde-garapena eta azpiegiturak
Departamenduaren ekintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu: www.le64.fr
Lurraldea: Mendebaldean, ozeano Atlantikoak mugatzen du, eta hegoaldean, Pirinioetako mendikateak; Pirinio Atlantikoak eragin bikoitz horrek markatzen ditu. Eragin horren ondorio dira paisaia-aberastasuna, klima leuna eta historiaren konplexutasuna.
Hegoaldean, mendiek aparteko leku ugari eskaintzen dituzte: moko elurtuak, zirku ikaragarriak, haitzarte estuak, lakuak, kobazuloak eta ur-jauziak. Horiek guztiek txangolarien gogoa pizten dute. Departamenduak orobat eskaintzen ditu Gertu dagoen Espainiarekiko lotura pribilegiatuak. Pirinioez gaindiko zeharbideen erdia baino gehiago Pirinio Atlantikoetatik igarotzen da (Somport, Hendaia). Elkartrukeen eta topaketen tradizioaren lekuko dira. Dapartamendua da, halaber, Donejakue bideek bat egiten duten tokia: Oztibarre, Lacommande, Irisarri, Ospitalepea, Santa-Grazi... harrera-iragan horren sinboloak dira.
Iparraldean, Pirinioetako mendi-harria muino eta haranen eremua da, eta uharrak lautadetan zabaltzen dira. Mahastiak, artoa, abeltzaintza eta basoak ustiategi txikien mosaiko batean txandakatzen dira, eta paisaiari xarma ederra ematen diote
Mendebaldean, Bizkaiko Golkoko mugetan, departamendua munduaren erraldoitasunera zabaltzen da.
Kostaldean hogeita hamabi kilometro besterik ez daude, eta hondartza luzeak eskaintzen dituzte; itsaslabar garaiak dira, haitz-kalak zeharkatzen dituztenak, hala nola Miarritzen edo Donibane Lohizunen, edo Hendaiako badia zabalean.Pirinioen espirituari eta haien kulturari irekita dagoen leihoa, aniztasunaz elikatzen dena.
Gainera, Atlantikoak klima leuna eta orekatua ematen dio departamenduari, baita nekazaritzarako egokia den plubiometria ona ere. Euskal marinelen, baleen ehiztarien eta atun-arrantzaleen abenturara irekita dagoen leiho bat, mundu berria aurkitu eta gure artzainen emigrazioa ekarri zuena. Leiho ireki bat eta baso-produkzioetarako aukera bat, artoarentzat edo Lacq sufrearentzat